2009/10/11

MAROKO (IV): ATLASEKO BIDEETATIK

Aterpetxeko gau istilutsuaren ondoren -itokinak gure gelan- eguzkitara irteten gara eta inguruko gailur guztiak zurituta daudela ikusten dugu gaueko etengabeko txingor-txaparraden ondorioz.

Imilerako bidetik zati labur bat jaitsiz ematen diogu hasiera ibilaldiari. Laister ekialdeko magal malkartsurantz jotzen dugu. Gure aurretik doan talde frantziarraren mandoek errresistentzia jartzen diote bidexkatik igoteari eta mandozainak irra kementsuez saiatzen dira animatzen (hizkuntzalari burutsuren batek antzekotasunak ikertu beharko lituzke euskararen aurre, gaztelaren arre eta berberearen irraren artean)

Lepoa (3600 m) lortzen dugunean paisaia koloretsu eta ederra zabaltzen da gure aurrean: lehenengo planoan harritz aldapatsua nondik igoten ari diren astiro, inurriak bezain txikiak, mandoak eta gizakiak. Beherago iparralderantz, haranean, muino gorriek eta gune berdeek herriska berbereen presentzia iragartzen dute.
Jaitsiera ikusgarria eta erosoa da bidea zintzur estu batean sartu arte.
Mundu mineral honen idortasuna hautsiz, ur-salto bikaina agertzen da bidean: Irhoulideneko ur-jauzia.Ur-lasterrari jarraituz Azib Tamsoult-era heltzen gara. Azib hitzak artzantzarako korta edo, batzutan, baserria esan nahi du.

Eraikinak, antzina ahuntzainen aterpea eta gaur mandozainena, sukalde-jantoki ilun bat eta bi logela dauzka. Ahuntz-talde batzuek elikatzen dira inguruan, itxura karstikoko paisaian baina guretzat ezezagunak diren arroka igneoez osaturik.


Iluntzean, kandelen argitan afaltzen dugun bitartean, soinu leunduak heltzen dira gure belarrietara: elkarrizketen murmurioa, haizearen zurrumurrua mendetako sabinetan, errekako uraren marmar urruna...
(2009-9-10)

No comments:

Post a Comment